XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

V. atalburua. Babes zibileko boluntarioak

45. atala

1.- Euskal herri-administrazioek landutako babes zibilerako planen, egitarauen eta ekintzen garapenean parte hartzen duten boluntarioen erakundeetarako ezargarria izango da atalburu honetan aurrikusitako araubide juridikoa.

2.- Gogoz eta bestelako diru-nahirik gabe erakunde publikoetan eta irabazi asmorik gabeko pribatuetan sartzen diren herritarrak izango dira babes zibileko boluntarioak lege honen xedeetarako.

Boluntario horien helburua pertsonei eta ondasunei babesa eta segurtasuna ematea izango da;

boluntarioen erakundeak giza elkartasunaren adierazpen antolatua izango dira eta herritarrek bizitza komunitarioan parte hartzeko baliabide esanguratsua.

3.- Herri-administrazioek sustatuko dituzte babes zibilerako boluntarioen erakundeen garakuntza eta hornikuntza, horien prestakuntza eta gaitasuna bultzatuz eta, komenigarrien deritzen formularen bidez, erakunde horiek beren kideen arrisku pertsonalak segurtatzea bermatuz, lege honetako 48. atalean aurrikusten denez.

46. atala

Dagokion agintariaren menpe garatuko da babes zibileko boluntarioen lana, istripuak, hondamendiak edo lazeria publikoak izanez gero.

Errefortzua edo laguntza ematera mugatuko dira, oro har, eta, hala egokituz gero, profesionalek eta funtzionarioek osatutako zerbitzu publikoen ordezkotza subsidiarioa egingo dute.